Ikerbasqueko ikertzaileek 37 milioi baino gehiago erakartzea lortu zuten

Ikerbasquek lau milioi izango ditu 36 ikertzaile berri kontratatzeko.

2021aren amaieran, Ikerbasquek ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 170 ikertzaile zituen; goi-mailako 80 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 62 ikertzaile. Urte osoan 1.484 artikulu plazaratu zituzten nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan eta, era berean, zortzi spin-off berri sortu zituzten. Gainera, urtean zehar lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 37.371.894 eurokoa izan zen, aurreko urtean baino bi miloi euro baino gehiago.
Beste aldetik, kanpoko finantzaketaz landutako 940 proiektutatik (2020an baino 128 gehiago) hamabostek ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten eta 1.323 pertsonek lan egin zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.
Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (186), italiarrak (30), alemaniarrak (14), britainiarrak (9), estatubatuarrak (9), errusiarrak (8) eta kanadarrak (6).

Euskadi ikerketa aurreratuko eskualde

bezala aitortua izan da Europan

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, %50 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, %22 medikuntza-zientzietakoak, %15 ingeniaritza arlokoak eta %12 giza eta gizarte zientzietako adituak, eta munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, hala nola MIT, Harvard, Oxford edo Stanford.
2021an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu zela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko ekimenik onenetakotzat: 148 proposamenen artean puntuaziorik altuena lortu du eta, ondorioz, lau milioi euro jasoko ditu hurrengo lau urteetan Euskadin 36 ikertzaile berri kontratatzeko.

Más noticias de Actividad empresarial / Enpresa jarduera