Intergune 2022 ekitaldiak aukera emango die euskal enpresei zuzenean iristeko 80 herrialde baino gehiagotara

Jomuga-herrialdeen artean aipatzekoa da Japonia, 'Euskadi Basque Country 2025' Estrategian lehentasunezkoa dena; hain zuzen, horrexegatik ireki da aurten Euskadiko Kanpo Sarearen lehen bulegoa Tokion

Foto: SPRI

Datorren urriaren 26 eta 27an Bilbao Exhibition Centre-k Intergune 2022 ekitaldia ostatatuko du. Intergune euskal enpresen nazioartekotze foroa da, esportatzeko bokazioa duten euskal enpresei 80tik gora herrialdetara iristeko aukera ematen dien topagunea.

Intergunek gune bat eskaintzen du zuzenean harremanetan jartzeko bost kontinenteetako merkatu garrantzitsuenetan kokatuta dauden bulego eta profesionalekin. Izan ere, Intergune da Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, SPRI Taldeak eta bere Nazioartekotze Agentziak (Basque Trade & Investment) euskal konpainien esku jarri duten laguntza praktiko eta operatiboa.

Atzerriko bulegoek helburu estrategiko bikoitza dute: batetik, kasuan kasuko jomugan interesak dituzten euskal enpresei laguntzea eta, bestetik, 'Euskadi Basque Country' markaren posizionamendua bultzatzea atzerrian. Sare honek herrialde eta merkatuei buruzko bere ezagutza sakona eskaintzen du, oztopoak identifikatuz eta proiektu bakoitzerako ibilbide eta prozedura aproposenak diseinatzen lagunduz.

Euskadirentzat garrantzitsuak diren merkatuak

Intergune huts egin ezinezko hitzordua da, bai atzerriko proiekzioan dagoeneko ibilbide luzea egina duten enpresentzat, eta baita ere esportazioaren arloan lehen urratsak ematen ari direnentzat. Foroak aukera ematen die harreman zuzen eta pertsonala lantzeko eta, bide horretatik, mundu osoko merkatu garrantzitsuenetara iristeko.

Jomuga-herrialdeen artean aurten aipatzekoa da Japonia, Euskadi 'Basque Country 2025' Estrategian lehentasunezkoa dena. Hain zuzen, horrexegatik ireki da aurten Euskadiko Kanpo Sarearen lehen bulegoa Tokion. Japonia oso merkatu erakargarria da euskal enpresentzat bere BPGaren bolumenagatik, bere eskaera sofistikatuagatik eta ekonomi nahiz lege arloko egonkortasunagatik. Baita ere nabarmentzen da euskal ekonomiarekin duen osagarritasunagatik eta negozioak egiteko erraztasunak eskaintzeagatik, atzerriko inbertsio-fluxuak finantzatzen baititu Asia Pazifiko eskualde osorako. Moe Kato da Tokioko bulego berriaren buru. Moe Basque Trade & Investment agentziaren zuzendaria da Japonian eta aktiboki parte hartuko du Intergune ekitaldian, Japoniari buruzko informazio-eskaerei erantzuteko.

Bulego honekin, beste bulego batzuekin nahiz beste ordezkaritza batzuekin harremanetan jartzeko hitzordu-sistema digital bat erabili behar da, ekitaldiaren web orrian bertan.

Euskadiren Kanpo Sareko bulegoetako arduradunekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzeaz gain, Intergunek elkarrekin batuko ditu mundu osoko enpresetako liderrak, nazioarteko adituak eta arduradun politiko zein akademikoak, munduko ekonomiaren egoeraz eta perspektibez eztabaidatzeko. Eta orobat aukera emango du harremanetan jartzeko hogeita hamar bat erakusketarirekin, hala nola banku-erakundeekin, finantza- eta aseguru-zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeekin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritza-ganberekin, hiru lurralde historikoetako foru aldundiekin, Kanpo Merkataritzako Institutuarekin (ICEX), klusterrekin, elkarte sektorialekin edo nazioartean espezializatutako aholkularitza enpresekin.

Interguneren erakargarritasuna osatzeko BasqueTrade-k balio erantsi handiko eta kartara eginiko zerbitzuen eskaintza zabala jartzen du enpresen eskura: aholkularitza estrategiko eta operazionala, finantzaketa-tresnak, adimen lehiakorra, lankidetza eta aliantzak, nazioarteko lizitazioak, nazioarteko sustapen-ekitaldiak, prestakuntza eta talentua.

Más noticias de Economía / Ekonomia