CIC nanoGUNE Nanozientzien Ikerketa Kooperatiboko Zentroak ikerketa-talde berri bat sortu du, teknologia terapeutikoen eta diagnostiko aurreratuen arlorako soluzio miniaturizatuak sortzen aitzindaria; hitz batean, oinarrizko aurkikuntza zientifikoak aplikazio kliniko praktiko bihurtzen dituena. Nanobiosistemen talde berri hori, Ikerbasque iker-tzaile Mariana Medina doktorea (irudian, ezkerrean) buru duena, osasun-arreta eraldatzeko ari da lanean —bereziki ginekologiari eta antzutasunari dagokienez—, medikuntzako mikrorrobotika eta abangoardiako nanobiosentsoreak erabiliz.
CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak ‘konta(kta)tu’ lelopean banatu dira. Hain zuzen ere, bi helburu ditu sariketak: egileak (zientziazaleak, zientzialariak, eragileak) beren jakintza, ikerketa edo egitasmoen berri ematera bultzatzea, kontatzera gonbidatzea alegia; eta, horrekin batera, jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea, hau da, gizartearekin konektatzea. Ander Tobalina, Antton Babaze, Uzuri Albizu, Enekoitz Telleria eta Mikel Ojinaga izan dira sarituak. CAF-Elhuyar merezimendu-saria Miren Basarasentzat izan da, euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, mikrobiologiaren eremuan bereziki.

