“Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS), pertsonak erdigunean jartzen dituzten enpresa eredua”
Enekoitz Etxezarreta, Economía Social y Solidaria Masterreko arduraduna. Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutua-Gezki
- Enekoitz Etxezarreta
- 04-Febrero-2025
Enekoitz Etxezarreta, Economía Social y Solidaria Masterreko arduraduna. Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutua-Gezki
Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS) deitzen zaio lana kapitalaren aurretik edo, bestela esanda, pertsonak erdigunean jartzen dituzten enpresa eredu ezberdinek osaturiko enpresa multzoari. Horien artean eredu kooperatiboak ardaztu izan du historikoki multzo hori, eta jabego kolektiboari lotutako kudeaketa demokratikoa eta interkooperazioa bezalako mekanismo bereizgarriek ezaugarritu dute eredu hau. Baina ekonomia sozialaren esparruak kooperatibez gain bestelako enpresa ereduak ere barnebiltzen ditu: lan sozietateak, laneratze enpresak eta enplegu zentro bereziak dira gure artean kasurik aipagarrienak, baina bultzada handiarekin datoz halaber ekonomia solidario edo eraldatzaileko sareetan elkartzen diren bestelako ekimen sozioekonomikoak ere: energia berriztagarriko kooperatibak, finantza etikoko erakundeak, ekoizpen agroekologikoko kontsumo kooperatibak, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibak, etab.
Euskal Herria, oro har, praktika horietan oso oparoa den lurraldea dugu. Jakina da, inon baino dentsitate kooperatibo handiagoa topa genezakeela bertoko zenbait eskualdeetan, baina horrezaz gain, aitzindariak izan gara lan sozietate, laneratze enpresa zein banku etikoko esperientzietan, enplegu babestuko enpresa oso indartsuak ditugu, elkartegintzako ehundaka eta ehundaka ekimen….guzti horrek kudeaketa koadroak eskatzen ditu, profil berezi horretara egokituko diren pertsonak prestatzea. Eta horri erantzun nahita eskaintzen dugu Ekonomia Sozial eta Solidarioko master ofiziala UPV/EHUn.
Dagoeneko 12. edizioan sartuak gaude, 2013 urtean eskain-tzen hasi ginenetik, eta pasa dira bertatik 200 ikasle inguru edizio horietan guztietan. Gai honi buruz Estatuko graduondoko ofizial presentzial gisa eskaintzen diren bi master nagusien artean bata da gurea (Valentziako Unibertsitate publikoarekin batera) eta hargatik jasotzen ditugun ikasleen artean profil oso ezberdinetakoak iritsi ohi zaizkigu. Gizarte Zientzietako adar ezberdinetatik (ekonomia, zuzenbidea, soziologia, gizarte langintza, soziologia, antropologia….) eta kontinente guztietatik etorri ohi zaizkigu ikasleak, adinean zein ezagutza esparruetan aniztasun handiko taldeak osatuz, proposatzen dugun ikaskuntza prozesuaren aberasgarri, inondik ere.
Irteera profesionalei dagokienean ere, bi izan ohi dira guretik pasatako ikasle egresatuen kokapen nagusiak: ESS sektoreko enpresak eta unibertsitatea bera. Azken honek ere badu garrantzia, handia gainera guretzat: Gezki, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko institututik antolatzen dugun graduondokoa izanik, apustu sendoa egina dugu master hau izan dadin ESSan prestatzeko sortua dugun itinerario edo ibilbide formatiboan beste mugarri garrantzitsu bat. Aurretik graduetan ESS ezagutarazteko dinamika ezberdinak antolatzeaz batera, masterrak bidea irekitzen die ikasleei Doktorego Programan inskribatu ahal izateko, beren doktorego tesiei ekin eta karrera akademikoa burutu dezaten.
Esparru akademikotik kanpo, gure masterraren bokazioa beti izan da sektoreak behar dituen profesionalak formatzea, alderdi tekniko zein etikoetan. Master honek gizartearen behar jakin horri erantzun nahi baitio, hots, gizarte eta ekonomiaren eraldaketarako profesionalak eta eragileak trebatzea, balio etiko eta solidarioekin lan egingo dutenak organismo eta erakunde ezberdinetan. Horretarako, prestakuntza programak alderdi teorikoak eta praktikoak uztartzen ditu, eta azken horien artean, bereziki lantzen ditugu administrazio eta kudeaketari loturiko esparruak (marketina, finantzazioa, estrategia), gizarte ekintzailetzarako lanabesak, eta politika publikoen sustapenerako tresnen ezagutzak, besteak beste.
Pozgarria suertatzen zaigu, bereziki, gure artean izan ditugun ikasleen ibilbide profesionalak jarraitzea. Horien artean dezentek inguruko enpresetan amaitzen dute lanean, askok eta askok profil berezitu batekin: berrikuntza prozesu edo negozio lerro berrien diseinu eta ejekuzioan, hain zuzen ere. Beste batzuk ESSko sareetan bertan amaitzen dute lanean (ASLE, REAS, Olatukoop, etab.) edo horiek bultzatzen dituzten lan lerro ezberdinetan. Beste zenbaitek ‘lurralde eragile’ profil bat betetzen dute egun, garapen agentziei lotuta edo horiekin elkarlanean, ekonomia sozialarekin lotura dute tokiko garapen estrategia eta gizarte berrikuntzako prozesuak dinamizatuz. Azken batzuk nazioarteko proiektuetara jauzi egiteko aukera ere baliatu dute, esate baterako, Finantzatzaile Etiko eta Alternatiboko Europar Federazioan (FEBEA).
Espero dugu horiek guztiek ikasiko zutela zerbait gure artean, eta aplikatu ahal izango dituztela ezagutza horiek beren oraingo eginkizunetan. Ziurra dena honakoa da: guk ikasten jarraitzen dugula, urtero urtero, gure artera datozkigun ikasleei eskerrak. Eta iraun dezala urte luzez!