Tecnaliak biometanoaren ekoizpena handitzeko erreaktore bat garatu du
- Estrategia Empresarial
- 19-Junio-2026
Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak milikanal-erreaktore bat garatu eta patentatu du. Erreaktore horrekin, gas natural sintetikoa zuzenean lor daiteke biogasetik, barnean duen CO₂-a bihurtuz. Sistema horrek upgrading-prozesuaren efizientzia globala hobetzen du, eta urrats bakar batekin irteeran metano-kontzentrazioa %95etik gorakoa izatea lortzen da. Teknologia horrekin, biogasaren CO₂-aren balioa handitzeko soluzio aurreratuak eskaintzeko gai den Europako zentro gutxietako bat da Tecnalia. Prozesuak azken gasaren metano-edukia handitzen du, eta gas natural sintetikoaren lehiakortasuna indar-
tzen du. Gas berriztagarri hori sarearekin guztiz bateragarria da. Biogasean dagoen CO₂-aren metanazio-erreakzioa areagotzeko diseinatuta dago erreaktorea. Arkitektura milimetriko batean oinarritzen da, eta ohiko erreaktoreek baino askoz transferentzia-koefiziente handiagoak ematen ditu (bai beroarena, bai masarena). Horrela, puntu beroak sortzea saihesten da eta baldintza dinamikoetan ere modu egonkorrean jardun dezake. Era berean, diseinu modularra duenez, erreplika bidez eskalatu daiteke. Horregatik, eskala txikiko instalazioetara nahiz industria-instalazioetara egokitzeko aproposa da. Erreaktorea TRL6 instalazio pilotu batean balioztatu da, heldutasun teknologikoa neurtzeko. Eraginkortasun handia du, emari-aldaketei azkar erantzuten die eta lehengaia ia erabat aprobetxatzen duela erakutsi da.

