Nazioarteko talde batek argiaren gidaketa frogatu du nanoeskalan

DIPCeko 2D Nanofotonikako taldeak parte hartzen du ikerketan. Foto: DIPC

Argiaren eta lodiera atomikoa edo nanometrikoa —giza ilea baino 100.000 aldiz txikiagoa— duten materialen arteko interakzioak aukera interesgarriak eskaintzen ditu etorkizuneko teknologia berrietarako. Adibidez, zirkuitu integratuetarako, konputazio optikorako eta biosentsoreetarako diseinu berritzaileak. Berrikuntza horien eragina era askotako arloetara iristen da, hala nola telekomunikazioetara eta zientzia biomedikoetara.
Orain, Oviedoko Unibertsitateko Nanooptika Kuantikoko Taldea eta Nanomaterialen eta Nanoteknologiaren Ikerketa Zentroa (CINN-CSIC) buru dituen nazioarteko ikerketa-talde batek, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) 2D Nanofotonikako Taldearekin batera, urrats esanguratsua egin du. ‘Nature Materials’ zientzia-aldizkari entzute-tsuan argitaratu den azterketa batek erakutsi du posible dela argia nanoeskala birkonfiguratzea eta kanalizatzea edozein norabidetan eta eskaripean.
Aurkikuntza horren erdian daude material bidimentsional (2D) izenez ezagutzen direnak. Oso material finez osatutako familia bat, atomo gutxi batzuetako lodiera baino ez duena; eta oso interesgarriak dira, propietate bereziak baitituzte askoz material lodiagoen aldean. Adibidez, oso erresistentzia handia, malgutasun handia eta eroankortasun elektriko eta termiko handia izan dezakete, eta, horri esker, oso modu efizientean eroan dezakete hala elektrizitatea nola beroa. Gainera, xafla horiek material desberdinez osatutako egituretan pilatu daitezke; hala, material horien propietateak konbinatuz, funtzio anitzeko heteroegiturak fabrikatu daitezke. Zehazki, 2020. urtean, nazioarteko lau ikerketa-taldek -haien artean, Oviedoko Unibertsitateko Nanooptika Kuantikoaren Taldea dago- goitik behera aldatu zuten argiaren manipulazioa nanoeskalan (nanoargia), 2D material horien geruzak konbinatuta. Talde horiek ikusi zuten nanoargiaren hedapenaren propietate batzuk aldatu egin daitezkeela geruzak bata bestearen gainean jarrita, eta, gainera, geruzen arteko lerrokatze eta orientazio zehatzak ere eginkizun erabakigarria duela.

Más noticias de Actividad empresarial / Enpresa jarduera