Pedro Miguel Etxenike Lombardo Institutuko kide izendatu dute
- Estrategia Empresarial
- 18-Septiembre-2025

Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko presidente eta Euskal Herriko Uniber-tsitateko (EHU) katedradun emeritua Lombardo Institutu entzutetsuko, Milango Zientzia eta Letren Akademiako, kide izendatu dute gaur. Ekitaldiaren baitan, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria jaso duen fisikari nafar ezagunak “Zientzia, etorkizuna eta edertasuna” izeneko hitzaldia eman du. Lombardo Institutua Europako zientzia- eta kultura-erakunde zaharrenetakoa eta ospetsuenetakoa da. Napoleonen dekretuz sortu zen 1797an, eta zientzia, teknologia, humanitate eta arteen arloko pertsona ospetsuak biltzen ditu. Historian zehar, nazioartean ospe handia izan duten pertsonaiak izan ditu bere kideen artean: Alessandro Volta fisikaria, Vincenzo Monti, Carlo Cattaneo, Achille Ratti (Pio XI.a izango zena) eta Luigi Mangiagalli medikua. Era berean, Nobel Saria jaso duten Camillo Golgi, Giosuè Carducci, Giulio Natta eta Eugenio Montale zientzialariak ere bertako kide izan dira, erakundearen maila akademiko eta intelektual handiaren isla. Gaur egun, atzerriko 80 kide baino ez daude, eta Etxenike irakaslea da euskal herritar eta ordezkari bakarra estatu mailan."Ohore handia da niretzat. Alessandro Volta fisikaria edo Giulio Natta Nobel sariduna bezalako izen handiak igaro diren akademia bateko kide izateak txiki sentiarazten nau. Zinez hunkituta nago aitortza honengatik", izan ziren hitzaldiaren hasieran Etxenikek egin dituen esker oneko hitzak.