“Munduko laubururik txikiena” aurkitu dute DIPCk parte hartzen duen ikerketa batean
- Estrategia Empresarial
- 10-Abril-2025

Behatutako molekuletako batek lauburu baten forma hartzen du, alegia, euskal sinbolo tradizionalarena. Foto: DIPC
Azken urteotan nanografenoen interakzio magnetikoek garrantzi handia izan dute material kuantikoen ikerketan. National Science Review aldizkarian argitaratutako lan berri batek are urrunago eraman du ikerketa hori, aztertu baitu nola eragiten dioten elkarri nanografenoen π-elektroi desparekatuek eta atomo metaliko magnetikoek (burdina eta kobaltoa). Ikuspegi berri horrek π eta d elektroien truke bidezko akoplamenduari buruzko ikuspegi berriak eskaintzen ditu, eta akoplamendu hori funtsezko mekanismoa da spintronikarako eta konputazio kuantikorako.
Shanghai Jiao Tong Uniber-tsitateko eta Hefei National Laboratoryko ikertzaile batzuek zuzendu dute ikerketa, eta tunel-efektuko mikroskopia eta espektroskopia erabili dituzte 9 meV-eko (Fe) eta 5 meV-eko (Co) truke magnetikoko interakzio bat azaleratzeko. Aurkikuntza horiek egiteko, ikerlariek kimika kuantikoko kalkuluak ere erabili zituzten; Ricardo Ortiz eta Thomas Frederiksek egin zituzten, biak ere Donostia International Physics Centerreko (DIPC) eta Ikerbasqueko (Zientziarako Euskal Fundazioa) ikertzaileak.
Frogatu dute nanografenoak metalen zentroekin akopla daitezkeela eta, hala, magnetismo kuantikoa hobetzen dutela. Horrenbestez, ikerketa honek propietate magnetiko doigarriko egitura metal-organikoak diseinatzeko bide berriak ireki-tzen ditu. Emaitzak urrats garrantzitsua dira behar zeha-tzetara egokitutako iman molekularrak lortzeko bidean, eta ondorioak dituzte azken belaunaldiko teknologia kuantikoentzat eta nanoeskalako elektronikarentzat.
Garrantzi zientifikoaz harago, ikerketak ustekabeko lotura bat du Euskal Herriarekin; izan ere, behatutako molekuletako batek lauburu baten forma hartzen du, alegia, euskal sinbolo tradizionalarena. Irudiak lortzeko erabili diren tekniken zehaztasunari begiratuta, litekeena da inoiz behatu den laubururik txikiena izatea.