Lorrak Bizkaiko nekazaritzako elikagaien gaineko 13 proiektu berri ekiten lagunduko du
- Estrategia Empresarial
- 26-Julio-2024
Ustiategi berriek Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera aberastu egingo dute. Foto: Lorra
Lorrak, nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuak ematen dituen erakundeak, 13 ekintzaileri lagunduko die aurten Bizkaiko lehen sektorean negozio berriak abiarazten. Proiektu horiek gazteen ekintzailetzari buruzko Gaztenek programaren barruan garatzen dira. Programa hori Hazi Fundazioak koordinatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Programaren ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuaz arduratzen da Lorra, hots, prozesu osoan ekintzaileei laguntzeaz, hasieratik, ustiategiak martxan jarri arte eta jardueraren lehenengo bost urteetan.
Aurtengo programan 14 ekimenek eskatu dute sartzea –horietako bat, aurreko ekitaldikoa–, eta, beraz, aurreikuspenen arabera, azken orduko eragozpenik ez badago behintzat, 13 ekintzaile berri sartuko dira, erabilgarri dagoen laguntza-planari esker, 2024an beren negozioak gauzatzeko.
Ustiategi berriek azken urteotako joerak berretsi dituzte tipologiari eta profilari dagokienez; hala, sei ekitzaile emakume dira eta zazpi gizon, guztiak, 22 eta 40 urte artekoak. Azkenaldian bezala, animalien ekoizpenean nahiz landare-ekoizpenean prozedura agroekologikoak erabiltzen dituzten ustiategiak nabarmentzen dira. Gehienak, halaber, lehendik dauden negozioetan izandako belaunaldiarteko erreleboak eragindako ustiategiak dira, negozio-ildo berriak garatu nahi dituzten seme-alaben edo bikoteen eskutik sortuak. Hamahiru proiektu berrietatik hamar lehen sektorean hain beharrezkoa den erreleboaren emaitza dira; sektoreko profesionalek, batez beste, 60 urte baino gehiago dituzte eta.
Askotariko jarduerak
Ustiategi berriek askotariko jardueretan jardungo dute, eta Bizkaiko nekazaritza eta abeltzain-tzako jarduera aberastu egingo dute, lurraldean hurbileko elikagaiez hornituko ere. Sektorean lehen aldiz lan egiten hasiko diren hiru proiektuek produktu hauek ekoiztuko dituzte: ahuakateak, shittake perretxikoak enborrean –biak, ekoizpen ekologikokoak– eta tomateak negutegian.
Belaunaldiarteko erreleboko gainerako hamarren artean, hiruk haragitarako behi-aziendaren ustiategiak dibertsifikatuko dituzte, horietako batzuk, zaldiekin, haragitarako ardiekin edo ahuntzekin.