Jordi Llop, Irudi Molekularraren Europako Elkarteko (ESMI) presidentea
- Estrategia Empresarial
- 18-Septiembre-2024
Jordi Llop doktorea, CIC biomaGUNEko Erradiokimikako eta Irudi Nuklearreko Laborategiko ikertzaile nagusia, Irudi Molekularraren Europako
Elkarteko (ESMI) presidente izendatu dute. ESMIk 20. urteurrena bete du, eta, gaur egun, irudi molekularraren arloari lotutako 1.400 profesional baino gehiago batzen ditu, Europan, Amerikan eta Asian lanean ari direnak. Sozietate horrek ordezkatzen duen komunitate zientifikoak irudi molekularraren hainbat diziplinatan lan egiten du “organismo bizi baten barruan maila molekularrean edo funtzionalean zer gertatzen ari den ikusteko, bai baldintza normaletan, bai patologikoetan, gehienetan modu ez-inbaditzailean”, azaldu du Llop irudi-agente berrien garapeneko adituak. Irudi molekularra oso eremu zabala da, oinarrizko ikerketa, ikerketa aurreklinikoa, translazionala eta klinikoa barne hartzen baititu.
“Organismo baten barruan maila molekularrean zer gertatzen den jakiteko erabiltzen da, eta aplikazioen artean daude, esaterako, gaixotasunen diagnostikoa, gaixotasunei lotutako fenomeno fisiopatologikoen ikerketa edo tratamendu baten erantzunaren ebaluazioa. Irudi molekularrak hainbat gaixotasunetan du aplikazioa: minbizia, gaixotasun neurodegeneratiboak, arnasketakoak, kardiobaskularrak, infekziosoak edo muskulueskeletikoak”. Llopek uste du ESMIko lehendakaritzak lagundu dezakeela “bai gure ikerketa-taldea eta bai CIC biomaGUNE eta Euskadi Europako eta munduko irudi molekularraren mapan kokatzen”.