Gipuzkoak adinekoentzako arreta-sistema aurreratu bat aurkeztu du
- Estrategia Empresarial
- 21-Julio-2026
HABICeko Living Laben egin zen aurkezpenean, Dora Bárcena
76 urteko herritarrak parte hartu zuen eta proiektuan erabiliko diren gailu teknologikoak probatu zituen. Foto: GFA/Adinberri
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak aurkeztu dute Iraupen luzeko bizitzan esku-hartze goiztiar integraturako eredua, aitzindaria den ekimena. Eredu honek hauskortasunaren prebentzioa zainketen arloko politika publikoen erdigunean kokatzen du, eta adinekoei laguntzeko modu berri bat proposatzen du, beren autonomia eta gaitasun funtzionala ahalik eta epe luzeenean mantendu dezaten, eta beren bizi-proiektua etxean eta komunitatean garatzen jarrai dezaten.
Donostiako HABICeko Living Laben egin den aurkezpenean parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu eta Adinberriko presidenteak, eta Rakel San Sebastián Adinberriko zuzendariak. Gipuzkoak sustatzen duen zainketa-ereduaren eraldaketan beste urrats bat den proiektua aurkeztu dute, prebentzioan oinarritutako ikuspegia indartzeko helburuarekin. Aurkezpenean, halaber, Dora Bárcena 76 urteko herritarrak ere parte hartu du, eta proiektuan erabiliko diren gailu teknologikoak bertatik bertara probatu ditu.
Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, ekimen honek “balio eta aukera handiak” eskaintzen ditu, helburua “berrikuntzaren bidez prebentzioa indartzea” baita. “Kontua ez da teknologia erabiltzea besterik gabe; teknologia horren eragina probatu eta ebaluatu nahi dugu, etorkizunari aurrea hartzeko ikuspegiarekin. Mendekotasuna agertu aurretik jardun nahi dugu, hauskortasun-egoerak garaiz antzemanez eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako programen bidez esku hartuz, narriadura funtzionala atzeratu edo, ahal den neurrian, lehengoratzeko. Berrikuntza pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, nahi duten lekuan bizitzen jarrai dezaten: beren etxean, ohiko harremanei, ohiturei eta bizi-proiektuari eutsiz”, adierazi du.
Proiektuak hamabi esku-hartze programa garatuko ditu 24 hilabetez eta lurraldeko ia 5.000 herritarrei egingo die mesede
Eredu berezia
Iraupen luzeko bizitzan esku-hartze goiztiar integraturako ereduak paradigma-aldaketa dakar adinekoen arretan. Orain arte mendekotasuna agertu ondoren jarduten duen ereduaren ordez, honek aurreikuspenean, prebentzioan, pertsonalizazioan eta komunitatean oinarritutako ikuspegia proposatzen du. Helburua da gaitasun funtzionalaren narriadurari aurrea hartzea eta pertsonen autonomia baldintzatzen duten faktoreetan garaiz esku hartzea.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Tokiko Zaintza Ekosistemen baitan garatzen da, eta bat dator Adinberrik iraupen luzeko bizitzaren arloan bultzatzen duen berrikuntza-estrategiarekin. Ereduaren berrikuntza nagusia da hainbat irtenbide teknologiko esku-hartze eredu bakar batean integratzea. Horrela, teknologia ez da helburu bat berez, baizik eta arreta pertsonalizatuagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko tresna.
Proiektuak ia milioi bateko aurrekontua du, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsen bidez finantzatua, eta 24 hilabetez garatuko diren 12 esku-hartze programaren bidez ia 5.000 pertsonari mesede egitea aurreikusten da.
