Araban erregistratutako ekoizpen ekologikoaren azalera %28 handitu da azken urtean
- Estrategia Empresarial
- 11-Junio-2024
Foto: Freepik
Araban ekoizpen ekologiko ziurtatuaren azalera % 28 handitu zen iaz, eta 5.933 hektareatakoa da. Datu horiek egiaztatzen dute 2015etik hona goranzko joera izan dela, eta "Euskadin erregistratutako azalera osoaren % 55,1era iristen dira, 235 eragilerekin, 2022an baino 16 gehiago", adierazi du Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatuak gaur goizean egindako kontroleko osoko bilkuran.
Barredok nabarmendu duenez, lehenengo sektorea funtsezko eragilea da klima aldaketaren aurkako borrokan, “trantsizio agroekologikoaren bultzatzaile gisa jardunez, lurraldeko beste sektore batzuekin batera, ekoizpen mailan”.
Ildo horretan, arloko arduradunak nabarmendu du azken urteetan ekoizpenarekin lotuta gertatu den aldaketa. Bere hitzaldian ekoizpen ekologikoan erregistro indize handiena duten laboreen zerrenda zehaztu du; horien artean, nabarmentzekoak dira, alde batetik, larreak, belardiak, bazkak eta proteaginosak (4.009 hektarea guztira) eta, bestetik, mahatsondoak (1.368 hektarea).Bi labore multzo horiek, gainera, hazkunde indize handiena izan dute 2015-2023 aldian: % 547 lehen kasuan eta % 294 bigarrenean.