'Begiratu urrunera' lelopean banatu dira CAF-Elhuyar sariak
- Estrategia Empresarial
- 27-Abril-2023
Foto: Elhuyar
'Begiratu urrunera' lelopean banatu dira gaur CAF-Elhuyar sariak Usurbilgo Sutegi aretoan. Aurtengo leloaren mezua Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dago: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da”. Hain zuzen ere, hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko.
Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta Neikeren babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea. Edizio honetan 41 lan jaso dira, eta epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:
Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du, 'Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko' izeneko artikuluarekin; Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Mattin Urbieta Galarragak eskuratu du, 'Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko' lanari esker; Zientzia-kazetaritza kategorian, 'Dragoi txiki bat egongelako horman' lana izan da saritua. Iñaki Sanz Azkuerena; estas, azkenik, Neiker saria, lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duena, Aitor Garmendia Etxeberriarentzat izan da, bere 'Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean' lanari esker.
Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. Horrez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka, epaimahaiak beka 'ex aequo' ematea erabaki baitu. Jon Sánchez Carrasco donostiarraren 'Semiosi-genesi' proiektua da sarituetako bat, eta bestea, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren 'Ia dena' lana.
Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du aitortza hori, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.